Hazitoki, Zirkugintza kooperatibak eta Txitatoki Urdaibai zirku eskolak sortutako zirkoaren bidezko gizarteratze proiektu bat da.
Jolas- eta kultura-lengoaia konbinatu berriak sortuz, pertsona guztiak, haien gaitasuna edozein dela ere, ikasgelan elkarrekin egotea da Hazitokiren helburua.
Zirkuak, daukan giroagatik eta den jarduera motagatik (ez lehiakorra, baina autogainditze maila handikoa), hezkuntza integralari laguntzen dio, parte-hartzea bermatuz berdintasunezko baldintzetan, bai sexuari eta generoari dagokienez, eta baita estereotipoei dagokienez ere.
Zirkuaren aniztasunari esker, pertsona bakoitzak berari egokitutako diziplina aurki dezake, ondo sentiaraztea lortuko duena eta bere eguneroko oztopoak gainditzen lagunduko diona, pertsonalitatearen, autobaieztapenaren eta autoestimuaren garapen harmonikoari modu positiboan laguntzen dion bitartean. Gainera, zirkuan egiten den jarduera oso eraginkorra da energia gehiegi eta kontzentrazio-falta duten pertsonentzat; beraz, oso gomendagarria da hiperaktibitatea edo oreka psikomotor edo kontzentrazio arazoak dituztenentzat.
Txitatoki Urdaibai Zirku Eskolak zazpi urte baino gehiago daramatza zirkoaren bidez gizarteratze-lanak egiten. Horregatik, eskolak eskaintzen dituen saio guztietan, bai Tantai Espazioan bai ikastetxe eta espazio publikoetan, pertsona guztiek, edozein dela ere haien gaitasuna, dute lekua. Monitore espezializatuak ditugu, pertsona guztiek klasea erritmo berean jarrai dezaten. Horrela, ikasleen arteko harremanak modu normalizatuan sustatzen laguntzen dugu, era guztietako pertsonen arteko harreman-maila desberdinak sortuz.
Elkarrekin lan eginez, desgaitasuna duten pertsonak egunerokotasunaren partaide sentitzen dira, eta ingurukoek normaltasunez hartzen dituzte, norberaren esperientziatik eta bizikidetzatik ikasiz.